DMCorporativewww.ikaztegieta.net

UR HORNIDURA

UDAL ORDENANTZAK

UR HORNIDURA

“Uraren ziklo osoaren ustiapenaren ordenantza arautzailea” 2001eko ekainaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

IKAZTEGIETAKO UDALA

Iragarkia

Udal Osoko Bilkurak 2001.eko martxoaren 7ko udalbatzan «Uraren Ziklo Osoaren Ustiapenaren Ordenantza Arautzaile»aren testuaren aldaketari hasierako onespena eman zion eta, jendeaurrean arauzko epean egon ondoren alegaziorik aurkeztu gabe, akordioa behin betirako ontzat jotzen da. Toki Eraentza arautzen duen Oinarrien Legeak bere 70.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz, argitaratzen da, eta indarrean sartuko da 65.2 artikuluan aurrikusitako epea igaro ondoren.

URAREN ZIKLO OSOAREN USTIAPENAREN ORDENANTZA ARAUTZAILEA

I. ATALBURUA

XEDEA, HEDADURA ETA ESPARRUA

1. atala.
Ikaztegietako Udalaren betebeharra da, besteak beste, ura hornitu eta saneatzeko zerbitzuak eta, oro har, Uraren Ziklo Osoarekin zerikusia dutenak egitea Ikaztegietako udal-mugartean, Estatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoan une bakoitzean indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzen arabera.

2. atala.
1.Ordenantza honek, Ikaztegietako udalerriaren lurralde-esparruan, ura hornitu eta saneatzeko zerbitzuak eta horien erabiltzaileak edo harpidedunak arautzea du helburu eta alde bakoitzaren eskubideak, betebeharrak eta obligazioak zehazten ditu.
2.Zergaren eta diru-bilketaren arloan, Udalean une bakoitzean indarrean dagoen Zerga Ordenantzak eta Ordenantza honetan xedatutakoak arautuko dituzte zerbitzuak.
3.Udalak hornidura- eta saneamendu-zerbitzuak kudeatzeko beharrezkoak diren ordenantza eta xedapen guztiak onartu ahal izango ditu. Ordenantza eta xedapen horiek honako Ordenantza hau osatu edo garatuko dute.

3. atala.
Ordenantza hau, oro har, Udalak bere eskumen-esparruan, 3.1 atalean zehaztutakoan, egiten dituen hornidura- eta saneamendu-zerbitzuei eta, hala badagokio, osorik edo zati batean, 15. atalean aurreikusitakoaren arabera, esparru horretatik kanpo egiten diren zerbitzuei aplikatzekoa izango da.

4. atala.
Zerbitzugintzan irabazizko xedea baztertzen da eta aurrekontu-orekari eutsi beharko zaio, adierazitako zerbitzugintza autofinantzatzeko bide emango duten legez ezarritako tarifak aplikatuta.

5. atala.
Ordenantza honek indarraldi mugagabea izango du eta, lerrun bereko edo handiagoko xedapen batek berori guztiz edo zati batean aldatzen ez duen bitartean, eragin osoa izango du.

6. atala.
Ordenantza errazteko asmoz, ura hornitu eta saneatzeko zerbitzuak kudeatzen dituzten erakunde edo pertsonei eta zerbitzu horien erabiltzaileei, hurrenez hurren, «Zerbitzu» eta «Harpidedun» deituko zaie aurrerantzean.

II. ATALBURUA

HORNIDURA ETA SANEAMENDU-ZERBITZUEN EDUKIA ETA PUBLIKOTASUNA

7. atala.
Ura hornitu eta saneatzeko zerbitzuak publikoak dira, beraz, nahi duten pertsona fisiko edo juridiko guztiek dute horiek erabiltzeko eskubidea, Ordenantza honek edo Udalak onartzen dituenek eta, oro har, aplikatzekoa den legeriak ezarritakoez bestelako muga eta betebeharrik gabe.

8. atala.
Ura hornitzeko eta saneatzeko zerbitzuak elkarrekiko osagarriak direla eta, Zerbitzuak ez ditu horiek bananduta edo bereizita egingo.
Salbuespen gisa, Zerbitzuak zerbitzuetako bat bananduta egingo du, bere ustez, eskatzaileak behar bezala justifikatzen duenean beste zerbitzuari emandako konponbide bereizia.

9. atala.
Modalitate desberdinetako ur-hornikuntzak emateko eta hondakin-urak hustu eta tratatzeko eskumena Udalarena besterik ez da izango eta Zerbitzuak haren kontura kontratatuko ditu zerbitzuak, horien baldintzak arautuko dituen bidezko poliza-kontratuaren bitartez.

10. atala.
Ur edangarriaren hornikuntzan eta/edo hondakin-uren hustuketan interesa dutenek Zerbitzuari egingo diote eskabidea, kasuak kasu, emariak zein jarduera-motatara zuzenduko diren, zein emari-kopurua behar duten, hondakin-urak husteko zein sistema instalatu edo proiektatu duten eta isurketen ezaugarriak zein diren adierazita.
Instalazio partikularrek bete beharreko ezaugarriei, hornikuntzak egiteko edo hondakin-urak eta oro har isurkiak araztearren hustuketa egiteko aukerari, ezarri beharreko tarifa-motari edo -motei eta, hala badagokio, alta- eta hartune-eskubideen ondoriozko zenbatekoei buruzko informazioa emango du Zerbitzuak.

11. atala.
Zerbitzua behartuta dago, bere esku jarritako baliabideekin edo instalazioekin, eta etorkizunean eskuratu beharrekoekin ere, Harpidedunen hartuneetan eta isuri-guneetan ur edangarria eta hondakin-urak husteko zerbitzuak jartzera, Ordenantza honetan eta Udalak ezartzen dituen gainerakoetan finkatzen diren baldintzen arabera eta indarrean dagoen hirigintza-legeriari eta legeria orokorrari jarraituz.
Aurreko paragrafoan adierazten diren zerbitzuak egiteko betebeharra azpiegiturak eta instalazioak burutu eta garatzeko Udalaren inbertsio-planetan finkatzen diren epeen baldintzapean eta menpe dagoela ulertu behar da.

12. atala.
Zerbitzua behartuta egongo da etxeko kontsumorako ura hornitzera hala eskatzen duten pertsona edo erakunde guztiei, haren eskumen-esparruaren barruan kokatutako eraikinetan, lokaletan edo barrutietan erabiltzeko, baldin eta horiek, Udalak onartutako arauzko xedapenetan ezarritako eskakizunez gain, indarrean dagoen legeriak eskatutako baldintzak betetzen badituzte.
Kasu horietan eta baldintza berberetan, hondakin-urak husteko zerbitzuak egingo ditu Zerbitzuak.

13. atala.
Industriarako, merkataritzarako, apaindurarako eta aisiarako hornikuntzak ematea Udalak une bakoitzean ur-zuzkidurarako dituen ahalbideen menpe egongo da.
Isurkiak hustu ahal izateko, horien aurreikusitako eta aitortutako ezaugarriek isurketei dagokienez indarrean dagoen legerian eta bere garaian Udalak finkatzen dituen arauetan bildutako eskakizunei erantzun beharko diete.

14. atala.
Zerbitzua ez dago behartuta, nekazaritza-erabilerara zuzendutako ur-hornikuntzak ematera, publikoak izanik, bere osotasunean edo zati batean lorategiak ureztatzera zuzendu behar diren hornikuntzen salbuespen bakarrarekin.

15. atala.
Oro har, Udalean barne hartzen ez diren toki-erakundeetako lurralde-esparruetan ez dira emariak hornituko ez eta isurkiak araztuko ere.
Nolanahi ere, salbuespen gisa eta kasu bakoitzaren egoera kontuan izanda, Zerbitzuak emariak hornitu, isurkiak hustu eta urak araztu ahal izango ditu Udalaren eremutik edo esparrutik kanpo, baldin eta horrek udal-zerbitzuekiko arreta-ezarik edo kalterik ez badakar.
Udalaren esparrutik kanpo egindako zerbitzuak prekariokotzat hartuko dira eta, beraz, eten ahal izango dira erabiltzailearentzako inolako eskubiderik gabe, zerbitzu horiei eustea udal-zerbitzuaren kalterako denean.

16. atala.
Ura hornitzeko eta hondakin-urak hustu eta arazteko zerbitzuak ezin izango dira inola ere dohainik egin.

17. atala.
Zerbitzuak ur-hornidura eta isurkien hustuketa ukatu ahal izango du, harpidetza-polizan izena emateari ezezkoa emanda, ondoko kasuetan:
1.Hornidura eta/edo isurkien hustuketa eskatzen duen pertsonak eredu ofizialaren arabera idatzita dagoen eta zerbitzuak kontratatzeari dagokionez Udalean indarrean dauden xedapenak biltzen dituen poliza sinatzeari uko egiten dionean.
2.Eskatzailearen barne-instalazio partikularrak eta/edo orokorrak, bai ur edangarria hornitzekoak bai eta hondakin-urak hustekoak ere, Zerbitzuaren iritziz, instalazio-mota horietarako legezko xedapenek oro har ezartzen dituzten aginduak eta instalazio horiek egiteko Udalak eta Zerbitzuak ezartzen dituzten argibideak eta oharpenak betetzen ez dituenean.
Halakoetan, Zerbitzuak interesatuari instalazioan aurkitutako akatsen berri emango dio, horiek zuzendu ditzan.
3.Zerbitzuaren justifikatutako iritziz, hustu beharreko isurkien ezaugarriek horri buruz Udalean indarrean dagoen araudian ezarritako muga onargarriak gainditzen dituztenean.
4.Hornikuntzaren eta/edo hustuketaren eskatzaileak, Hornidura eta Estolderia zerbitzuei dagokionez; Udalarekin, Zerbitzuarekin, edota Udalaren bestelako sozietate kudeatzaileekin, dituen obligazioen ordainketan egunean ez dagoela egiaztatzen denean, edo Zerga Ordenantzan aurreikusitako gordailuak eta fidantzak ezartzeari uko egiten dionean.

III. ATALBURUA

ZERBITZUGINTZA
LEHEN SAILA. ZERBITZUAREN ETA HARPIDEDUNAREN BETEBEHARRAK

18. atala.
Zerbitzugintzagatik, Zerbitzuak oro har ondoko betebehar hauek izango ditu:
1.Harpidedunei hornitutako urak indarrean dagoen araudiak exijitutako edangarritasun-baldintzak betetzea, hornikuntza Udalean barne hartuta ez dauden toki-erakundeen «altako» erregimenean egiten bada salbu.
2.Hornidura- eta saneamendu-zerbitzuak egiteko beharrezkoak diren Udalaren jabetzako instalazioak bere kargura mantendu eta zaintzea.
3.Hornitutako ura eta isurkiak tratatu eta arazteari dagokionez, osasun-agintaritzak eta, oro har, organismo publiko eskudunek eman ditzaketen arauak edo xedapenak betetzea.
4.Harpidedunei, bidezkoentzat jotzen den prozeduraren bitartez eta betiere posible denean, zerbitzugintzan sortzen den edozein etenen edo aldaketaren berri ematea.

19. atala.
1.Aurreko atalean xedatutakoa eta oro har zerbitzugintzan mantentzeko betebeharra gorabehera, Zerbitzuak ur-hornidura edo isurkien hustuketa aldi baterako eten edo murriztu ahal izango du, aldez aurretik ohartarazi gabe eta inolako erantzukizunik gabe, bere iritziz zerbitzuaren behar orokorrek hala gomendatzen edo exijitzen dutenean edota bere borondatearen aurkako ezinbesteko kausaren ondorioz.
2.Kontserbazio- eta zerbitzu-lan utziezinen ondorioz ura edo hustuketa mozteak ez du inoiz kalte-ordainik ekarriko. Zerbitzua behartuta egongo da hartutako neurriak jendaurrean jakinaraztera, horren eragina izango duten eraikinetan edo zonetan ohartarazpen-kartelen edota Udalaren jardun-esparruan hedadura handiena duten egunkarien bitartez.
3.Urari ematen dioten erabilera-mota dela eta, aurreko azpiataletan adierazitako nahitaezko etenaldietan kontsumoa edo hustuketa ezinbestekoa duten Harpidedunek gorabehera horiek aurreikusiz beharrezko neurriak hartu beharko dituzte.

20. atala.
Hornikuntza-etenaren arrazoia erabiltzaileen beharrak betetzeko beharrezko emari-eza denean, kontratatutako erabilera-modalitatea hartuko da kontuan etena egiteko, ondoko hurrenkeraren arabera:
1.Industria, merkataritza, zerbitzu eta apaindurako erabileretarako hornikuntzak.
2.Etxeko erabilerarako hornikuntza.
3.Ospitale, osasun-zentro, etab.etarako hornikuntza.
Hornikuntza etenaren arrazoia beharrezko ur emari-eza denean, ez du inoiz, kalte-ordainik ekarriko. Zerbitzua behartua egondo da hartutako neurriak jendaurrean jakinaraztera, horren eragina izango duten eraikinetan edo zonetan ohartarazpen-kartelen edota Udalaren jardun-esparruan hedadura handiena duten egunkarien bitartez.

21. atala.
Araudi honetan ezarritako berariazko betebeharrez gain, Harpideduna behartuta egongo da ondoko arau orokor hauek betetzera:
1.Ur-kontsumoa norberaren berariazko beharretara mugatzea, gehiegizko kontsumoa saihestuko den moduan, horniduraren erabiltzaileen osotasunarentzat eskuragarritasun handiago lortzeko asmoz.
2.Isurketak indarrean dagoen legerian eta Udalak onartzen dituen arauetan ezarritako mugen eta baldintzen barruan egitea.
3.Zerbitzuari, ahal bezain laster, antzemandako edozein matxuraren berri ematea, baldin eta matxura hori batne-instalazio partikularrekoa ez bada, batez ere horren ondorioz ihesa, ur edangarriaren edo haondakin-uraren jarioa edota saneamendu sarean butxadura sortzen denean.
4.Edozein egoera dela eta, kontsumoaren eta/edo isurketen ohizko erregimena eta/edo horien ezaugarriak nabarmen aldatzen direnean, Zerbitzuari horren berri ematea eta, era berean, kontsumitu beharreko uraren erabilera-aldaketa jakinaraztea, horrek tarifa aldatzea edo, oro har, polizaren baldintzak aldatzea dakarrenean.
5.Eraikineko barne-instalazio orokorra erabili, zaindu eta kontserbatzean ardura handienarekin jardutea.
6.Zerbitzuko enplegatuei lana askatasunez egiten uztea eta laguntzea, bertako enplegatu izan gabe ere, Zerbitzuak dagokion txartelaren bidez kreditatzen dituen pertsonei bezalaxe, polizaren xede den finkara, etxebizitzara edo barrutira eragozpenik gabe sartzen utzita, ura hornitu eta saneatzeko edota neurketa-ekipoaren irakurketa hartzeko lanetan.
7.Zerbitzuari eskatutako datuak ematea, zerbitzuei buruzkoak nahiz horiekin zerikusia dutenak, ahalik eta zehaztasun handienaz.

22. atala.
Harpidedunak, Zerbitzuaren baimenik gabe, ezin izango ditu ondoko jardunak burutu:
1.Zerbitzuak hornitutako instalazioari uren bestelako elikadura-iturriak ezartzea, ur horiek edangarriak izanik ere.
2.Ura iristeko tutuetan ponpak edota saneamenduko banaketa-sarearen egoeran eta, ondorioz, beste Harpidedun batzuei egindako zerbitzuan aldaketa dakarren edo eragina izan dezakeen beste edozein aparatu zuzenean txertatzea edo horien bidez hustuketa egitea edota, oro har, aldez aurreko baimenik gabe erabiltzea.
3.Zerbitzuak hornitutako ura edo hustuketa-ahalmena behin eta berriz dohainik lagatzea edo berriro saltzea.
Debeku horretatik salbuesten dira 15. atalean aurreikusitako kasuetan Zerbitzuak emariak hornitzen edo isurkiak husten dizkien toki-erakundeak.
4.Ura hornitu edo husteko eskubidea hirugarren bati lagatzea, Zerbitzuak ezarritakoa bete gabe.
5.Zerbitzuaren baimenik gabe neurketa-ekiporako sarbideak edo haren kokapena aldatzea.
6.Ur-hornidura kontratatutakoez bestelako erabileretara zuzentzea edota kontratatutako hustuketa-baldintzak aldatzea.
7.Zerbitzuaren instalazioak manipulatzea, neurketa-aparatuak barne direla, nahiz eta Harpidedunaren jabetzakoak izan.
8.Neurketa-ekipo baten kontrolik gabe ura kontsumitzea edota instalazioetan horretarako aukera ematen duen edozein aldaketa sartzea, kontrolpeko isurketekin bezalaxe.
9.Neurketa-ekipoaren zigiluak irabazizko xedez haustea edo aldatzea.
10.Saneamendu-sarearen bidez, Udalak ezarrita duen araudian edo aplikatzekoa den legeria orokorrean exijitutako ezaugarriak betetzen ez dituzten gaiak isurtzea.

BIGARREN SAILA. INSTALAZIOAK

23. atala.
Zerbitzuko instalaziotzat hartuko dira, jarraian adierazten diren motetako batekin bat etorririk, ura hornitu eta saneatzeko zerbitzugintzan erabilera iraunkorrean eta etengabean daudenak.
A)Hornidura-instalazioak:
1.Emariak hartzeko instalazioak.
2.Ura tratatzeko instalazioak.
3.Hodi orokorrak.
4.Erregulazio-deposituak.
5.Banaketa-sareak.
6.Hartuneak.
7.Harpidedunaren barne-instalazioa, bai orokorra bai partikularra.
B) Saneamendu-instalazioak:
1.Barne-instalazioa:
Harpidedunaren partikularra.
Eraikineko orokorra.
2.Jabetza partikularreko eraikinetako euri-uren instalazio orokorra.
3.Hiri-kolektore unitarioetarako hartuneak.
4.Euri-uren hiri-kolektoreetarako hartuneak.
5.Ur beltzen hiri-kolektoreetarako hartuneak.
6.Kolektore orokor unitarioetarako hartuneak.
7.Hiri-kolektore unitarioen sareak.
8.Ur beltzetarako hiri-kolektoreen sareak.
9.Euri-uretarako hiri-kolektoreen sareak.
10.Kolektore orokor unitarioen sareak.
11.Euri-uretarako kolektoreen sareak.
12.Ur beltzetarako kolektoreen sareak.
13.Ur beltzak arazteko instalazio partikularrak.
14.Industria-urak arazteko instalazio partikularrak.
15.Hondakin-urak arazteko toki-instalazioak.
16.Urak arazteko instalazio orokorrak.
17.Industria-jardueraren ondoriozko isurki bereziak araztu eta tratatzeko instalazio orokorrak.

24. atala.
1.Emariak hartzeko instalaziotzat, tratamendu-instalazioetan kontsumo-beharrei erantzuteko beharrezko ur-bolumenak hornitzea helburu duten tutuen, maniobra- eta kontrol-elementuen, fabrika-obren eta gainerako elementuen multzoa ulertzen da.
2.Ura tratatzeko instalaziotzat, ura argitu eta arazteko prozesuak, giza kontsumoan erabiltzeko beharrezkoak direnak, burutzera zuzendutako makinen eta gainerako elementuen multzoa hartzen da.
3.Hodi orokortzat, ura depositu erregulatzaileetaraino bideratzen duten kanalizazioen, tutuen eta ponpen eta horien maniobra- eta kontrol-elementuen multzoa hartzen da.
4.Depositu erregulatzaileak, banaketa-sarera bidaltzeko zain, tratatutako ura aldi baterako gordetzera zuzendutako ontzien multzoa dira.
5.Banaketa-sarea deitzen zaio herri bateko kaleetatik ura presioan bideratzen duten tutuen eta horien maniobra- eta kontrol-elementuen multzoari. Sare horretatik erabiltzaileen hornidurarako hartuneak ateratzen dira.
6.Banaketa-hartune deitzen zaio, banaketa-saretik abiatuta, hura eraikinaren barne-instalazioarekin lotzen duten tutuen eta horien pasaera-erregistroko edo, hala badagokio, hartuneko giltzen multzoari. Hartunea finkaren kanpoaldeko lerrokaduran amaitzen da. (Ikusi 1. Marrazkia).
7.Barne-instalazio orokor deitzen zaio, hartunetik abiatuta, barne-instalazio partikularrekin lotzen duten tutuen, giltzen, makinen eta kontagailuen multzoari.
8.Barne-instalazio partikular deitzen zaio Harpidedun bakoitzaren barruti, lokal edo etxebizitza barruan ura banatzea helburu duten tutuen eta giltzen multzoari.

25. atala.
1.Saneamenduko barne-instalazio partikular deitzen zaio, Harpidedunaren etxebizitza edo lokal barruan, hondakin-urak eraikineko instalazio orokorraren saneamendu-tutuetaraino bideratzen dituzten tutuen multzoari.
2.Eraikin baten saneamendu-instalazio orokor deitzen zaio instalazio partikularretatik hondakin-urak jaso eta eraikinaren saneamendu-hartuneraino bideratzen dituzten tutuen, putzuen eta ponpen eta horien kontrol-elementuen multzoari.
3.Jabetza partikularreko eraikinetako euri-uren instalazio orokor deitzen zaio euri-urak jaso eta eraikinaren euri-uretarako hartuneraino garraiatzen dituzten tutuen, putzuen eta ponpen eta horien kontrol-elementuen multzoari.
4.Hiri-kolektore unitarioetarako hartune deitzen zaio eraikin edo finka baten hondakin-urak haren mugatik kolektoreraino bideratzen dituzten tutuen, erregistroen eta pieza berezien multzoari.
5.Euri-uren hiri-kolektoreetarako hartune deitzen zaio eraikin edo finka baten euri-urak haren mugatik kolektoreraino bideratzen dituzten tutuen, erregistroen eta pieza berezien multzoari.
6.Ur beltzen hiri-kolektoreetarako hartune deitzen zaio eraikin edo finka baten ur beltzak haren mugatik kolektoreraino bideratzen dituzten tutuen, erregistroen eta pieza berezien multzoari.
7.Kolektore orokor unitarioetarako hartune deitzen zaio, finka baten mugatik abiatuta, bertako hondakin-urak kolektore orokorreraino bideratzen dituzten tutuen eta erregistroen multzoari.
8.Hiri-kolektore unitarioen sare deitzen zaio hiri-finken eta gainazal libreen multzo bateko hondakin-urak kolektore orokor, arazketa-instalazio tokiko edo orokor edota ubide bateraino bideratzen dituzten tutuen, erregistroen eta fabrika- eta aireztapen-obren multzoari.
9.Ur beltzetarako hiri-kolektoreen sare deitzen zaio hiri-finken multzo bateko ur beltzak hiri-kolektore unitario orokor bateraino edota tokiko arazketa-instalazio edo ubide bateraino bideratzen dituzten tutuen, erregistroen eta deskarga- eta aireztapen-ganbaren multzoari.
10.Euri-uretarako hiri-kolektoreen sare deitzen zaio hiri-finken eta gainazal libreen multzo bateko euri-urak dagokion ubideraino bideratzen dituzten tutuen eta erregistroen multzoari.
11.Kolektore orokorren sare deitzen zaio hiri-kolektoreetatik eta/edo hartunetik datozen hondakin-urak horiek arazteko instalazioetaraino bideratzen dituzten tutuen, hodien, mekanismoen, makinen eta kontrol elementuen multzoari.
12.Ur beltzak arazteko instalazio partikular deitzen zaio, ondoren baldintza egokietan kolektoreetara, lurrera edo ubidera isurtzeko, etxeetako hondakin-urak tratatzen dituzten elementuen multzoari.
13.Industria-urak arazteko instalazio partikular deitzen zaio industria-prozesu baten ondoriozko urak tratatzen eta arazten dituzten elementuen multzoari.
14.Hondakin-urak arazteko toki-instalazio deitzen zaio, ondoren ubide publiko batera isurtzeko, herri bateko kolektoreen sareetatik datozen hondakin-ur hiritarrak arazten dituzten deposituen, tutuen, mekanismoen, makinen eta kontrol-elementuen multzoari.
15.Urak arazteko instalazio orokor deitzen zaio, ondoren ubide publiko batera isurtzeko, saneamendu-kolektore orokorretatik datozen urak arazten dituzten deposituen, tutuen, mekanismoen, makinen eta kontrol-elementuen multzoari.
16.Industria-isurki bereziak araztu eta tratatzeko instalazio orokor deitzen zaio, ondoren ubide publikora, zabortegi kontrolatura edota arazketa-instalazio orokor baten burura isurtzeko, industria-jardueraren ondoriozko isurki bereziak tratatzen dituzten tutuen, deposituen, iragazkien, labeen, mekanismoen, makinen eta elementuen multzoari.

HIRUGARREN SAILA. HORNIDURA-ZERBITZUAK

26. atala.
Zerbitzuak, oro har, Udalaren instalazioen bidez eta, berariaz, kasu partikular bakoitzean etxeko hartunearen bitartez hornituko dio ura Harpidedun bakoitzari.

27. atala.
Eraikin baten ur-hornidurak ondoko elementuez osatutako instalazioa behar du:
- Hartunea.
- Kontagailua.
- Barne-sare orokorra.
- Barne-sare partikularra.

28. atala.
Aurreko atalean adierazitako elementu guztien kostua, ur horniketa eman ahal izateko, eskatzaileak ordaindu beharko ditu.

29. atala.
Uraren presioa, hitzartutako emaria, aurreikus daitekeen kontsumoa, hornitu beharreko lokalaren kokapena eta barne hartutako zerbitzuak kontuan izanda finkatuko dira hartunearen ezaugarriak. Udalaren Ur Zerbitzuak kasuak kasu finkatuko du eskatutako ura hornitzeko deribazioa banaketa-sarearen zein puntutatik abiatuko den.

30. atala.
Udal-zerbitzuak berak eskatzailearen kargura egingo du txertaketa banaketa-sarean, eskatutako ura hornituko duen hartune-adarra krokatzea ahalbidetuko duen dagokion hartune-balbularekin.

31. atala.
Fabrika-erregistroan metalezko estalkiarekin kokatuko den aurreko atalean adierazitako hartune-balbula Ur Zerbitzura adskribitutako langileek besterik ezin izango dute erabili, ez ordea inoiz erabiltzaileek, hirugarren batzuek, etab.

32. atala.
Hartuneak, eskatzaileak egingo ditu bere kargura, Udalak finkatutako ezaugarrien arabera. Udalak edo zerbitzuak, lanak egiten dituzten enpresak ikuskatu ahal izango ditu, eta hornidura ukatzeko ahalmena du, ikuskatzaileak adierazitako akatsak konpondu bitartean.

33. atala.
Hartune orotan, behin hura lokalaren edo eraikinaren barrualdean sartu ondoren, pasaera-giltza bat kokatu ahal izango da hartunearen eta eraikineko tutuaren arteko lotunean eta, behar izanez gero, erabiltzaileak maneiatu ahal izango du.

34. atala.
Hartune-adarrak erabiltzailearen jabetzakoak izango dira eta hark horiek mantentzeko eta sor daitezkeen matxurak eta funtzionamendu txarraren ondorioz sortutako kalte guztiak konpontzeko erantzukizuna izango du.

35. atala.
Finka bakoitzeko hartune-adar bakarra eraikiko da eta hornitutako finkaren zerbitzurako soilik izango da, 54. atalean adierazitako salbuespen bakarrarekin.

36. atala.
Eskatzaileak harpidetza-poliza sinatu aurretik kasu bakoitzean ordaindu beharko dituen banaketa-sare orokorrean krokadura egiteko eta parte hartzeko eskubideak hartune-adarraren kalibrea edo, hala badagokio, besterik gabe haren erabilera kontuan izanda ezarriko dira.

37. atala.
Ura hornitzeko eskaerari erantzun ahal izanik, ura kontsumitu nahi den gunearen inguruetan banaketa-sare orokorrik ez badago, Zerbitzuak eskatzaileari exijitu ahal izango dio banaketa-sare orokorraren luzapena, zerbitzuak akometida hartunearen krokadura baimenduko duen punturarte. Luzapena, Zerbitzuak ezarritako irizpide teknikoen arabera egingo da, eta eskatzailearen kargu joango da. Sare orokorraren luzapen lanak amaitu ondoren, zati berria udalaren jabetzakoa izango da, honegatik, eskatzaileak ez du inolako diru kopururik jasoko, ala beharrez, banaketa-sare orokorrean parte hartzearen eskubidea ordaintzeko salbuespena izan ezean. Gainera, Zerbitzuak egindako luzapena erabili ahal izango du, eskatzailearenaren inguruetan etorkizunean hornikuntzak elikatzeko, baldin eta adar horren garraio-ahalmena gainditzen ez bada, hura eraikitzeko Zerbitzuak finkatutako dimentsioen arabera.

38. atala.
Erabiltzaileak hartunea zabaltzeko eskaera egiten duenean, zabalkuntza horrek berekin horniduraren erabilera aldatzea badakar ere, dagokion baimena ematen zaionean, hartune-adar berriari dagozkion krokadura-eskubideen osotasuna ordaindu beharko du, hartune-adarraren kalibre berriari edo erabilera berriari, aurretik zegoenarekiko, dagozkion banaketa-sare orokorrean parte hartzeko eskubideen gehikuntzaz gain.

39. atala.
Besterik gabe ur-hornikuntzaren titulartasuna aldatzeko kasuetan, krokadura berririk egin behar ez bada, titular berriak, hala badagokio, titulartasun-aldaketari dagozkion tasak eta ordainarazpenak soilik ordaindu beharko ditu, banaketa-sare orokorrean krokadura egiteko eta parte hartzeko eskubideekiko eraginik izan gabe.

40. atala.
Etxebizitza-eraikinak edota industrialak eraikitzeko eta oro har obretarako ur-hornikuntzetan, instalazioa behin-behinekoa denez eta, trazadura, burutzapen-forma, etab.en ondorioz, behin betiko hartuneek baino eraikuntza-ezaugarri sinpleagoak dituenez, eskatzaileak fidantza bat jarri beharko du Zerbitzuan. Fidantza hori eraiki beharreko etxebizitza-kopuruarekiko, industria-pabiloiaren hedadurarekiko edo oro har obraren tamainarekiko proportzionala izango da, instalazioaren ondorioz sor daitezkeen kalte-galerei erantzun ahal izango zaien moduan eta, era berean, obraren behin-behinekotasuna bermatzeko asmoz. Fidantza hori erabiltzaileari itzuliko zaio, bere osotasunean edo dagokion kopuruan, obrak eraikitzeko ur-hornikuntza amaitu eta zerbitzuan baja hartzean.

41. atala.
Ikaztegietako Udalak ez du inolako kalte-ordainik ordaindu beharko, Udalak zuzenean egiten ez dituen obren edota udal-ekimenetik kanpoko beste edozein kausaren ondorioz, hartune-adarrak aldatu edo zabaldu behar direnean.

42. atala.
Banaketa-sare orokorrean egiten den edozein hartunetarako, Industria Ordezkaritzak ikus-onetsitako Krokadura Buletinean aurkeztu beharko da.

43. atala.
Ur edangarria banatzeko hartunea, Zerbitzuak egokientzat jotzen duen sareko gunetik deribatuko da eta burutu ondoren, abonatuaren edo eskatzailearen jabetzakoa izango da, mantentzea bere esku geratzen delarik. Baita ere, hartunea behar bezala ez mantentzeagatik, egon daitezken ur galeren arduraduna izango da abonatua.
Teknikoki beharrezkoa denean, hartune-giltza banaketa-sareko tutuaren gainean kokatuko da; erregistro-giltza bide publikoan ipiniko da, jabetzaren mugaren ondoan; eta pasaera-giltza, teknikoki hura instalatzea gomendagarria denean, jabetzako fatxada-horman kokatutako ganbara iragazkaiztuan jarriko da.

44. atala.
Hartunetik aurrera hornikuntza bat baino gehiago duen finka orotan, barne-instalazio orokorrak dagokion kontagailu-bateria izan beharko du eta Zerbitzuak horren kokapena eta ezaugarriak onartu beharko ditu.
Nolanahi ere, Zerbitzua behartuta egongo da neurketa-aparatuak jabetzaren kanpoaldeko horman jartzera, haren toki hurbilerrazetan, edota galtzadan kokatutako kutxetan, hori guztia Zerbitzuak normalizatutako instalazioen arabera.

45. atala.
Tutua haustea aurreikusiz, finka edo lokal orok ura askatasunez hustea ahalbidetuko duten behar adina hustubide izan behar ditu, kontratatutako hartunerako horni daitekeen gehieneko emaria izango dutenak, eraikinari, bertan biltegiratutako gaiei edota edozein kanpo-elementuri kalte materialik egin gabe. Zerbitzuak ez du bere gain hartzen agindu hori ez betetzearen ondoriozko erantzukizunik.

46. atala.
Zerbitzuak hornikuntza duten finken barne-instalazioa ikuskatu ahal izango du. Instalazio horrek arauzko baldintza teknikoak beteko ez balitu, antzemandako akatsak Harpidedunari jakinaraziko zaizkio, finkatzen den epean horiek zuzentzeko asmoz. Epe hori beteta arauz kanpoko egoerak bere horretan jarraitzen badu, Zerbitzuak dagokion administrazio publiko eskudunari horren berri emango dio eta, organismo horrek bidezkotzat jotzen badu, harpideduna adierazitako akatsak zuzentzera behartuta egongo da, organismoak adierazitako epean. Harpidedunak xedatutakoa betetzen ez badu, Zerbitzua hornikuntza etetera behartuta egongo da, organismo horrek ezarritako baldintzetan.
17. atalean ezarritakoaren arabera, Zerbitzuak ez du hornikuntza gehiagorik emango, eskatzaileak antzeman diren akatsak zuzendu bitartean.
• Hornitutako guneetako hornikuntzak

47. atala.
Hartuneak emateak eskatzaileak dagokion prezioa ordaintzea dakar berekin, Udaleko zerga-ordenantzan aurreikusitakoaren arabera.

48. atala.
Ur-hornikuntza dagokion eraikinean edo etxebizitzan soilik egiten dela eta hitzartutako erabilerara zuzentzen dela egiaztatuko da.
Beraz, zenbait eraikin mugakide pertsona beraren jabetzakoak direnean edo errentari berak erabiltzen dituenean ere, horiek hornikuntza bereiziak izan beharko dituzte eta bananduta formalizatuko dira dagozkion hornikuntza-kontratuak.

49. atala.
1.Ur-hornikuntza, ahal izanez gero, «kontagailu banantzaileen» arabera emango da, halakotzat, etxebizitzari edo lokalari dagokionez, harpidedun bakoitzaren kontsumoak ordenantza hauetako 44. atalean ezartzen den bezala neurtzen dituztenak ulertuta.
2.Finken sarreran, kontagailu banantzaileez gain, kontagailu orokorrak ere baleude, horiei jabekideen izenean eman beharko zaie alta. Jabekideen elkarteari kontagailu orokorrean erregistratuta dagoen kontsumoaren eta banantzaileen baturan erregistratutakoaren arteko aldea ordaintzea egokituko zaio, diferentzia horiek finkaren barruan egindako kontsumoen ondoriozkoak izango dira eta.
3.Nolanahi ere, eraikin bakoitzean egon daitezkeen merkataritza-lokalek edo negoziokoek hornikuntza bereizia izan beharko dute.
Lokal horien kontagailuek eraikineko kontagailu orokorren baterian egon beharko dute. Eraikinarekiko hartune bereizia beharrezkoa duten lokal horietako kontsumo handien kasu berezian, kontagailua kanpoaldetik eskuragarria izango den kutxeta edo kaxa isolatu batean egongo da eta Zerbitzuak onartutako baldintza tekniko orokorrak bete beharko ditu.
Betiere hartune bereizia beharko duten kontsumo handiko lokaltzat, eraikinaren kontsumo-erregimenean eragina duten edo hura aldatzen duten erabilerak aurreikusita dituztenak hartuko dira.
Zerbitzuak mantendu eta berrituko ditu kontagailuak, horien titularraren kargura, Udalak aurkakorik erabakitzen badu salbu. Arau gisa, 10 urteko gehieneko erabileraldia ezartzen da 15 mm-ko edo hortik beherako kontagailuetarako eta 7 urtekoa diametro handiagoko kontagailuetarako. Gehieneko erabileraldia igarota, Zerbitzuak kontagailuak ordezkatuko ditu.

50. atala.
Edozein ur-hornikuntza eman ahal izateko, dagokion eraikinaren, etxebizitzaren edo lokalaren barne-instalazioek horietarako une bakoitzean indarrean dauden arauetara, gaian eskudun diren agintariek emandakoetara, egokituta egon beharko dute eta hornikuntzaren jabeak organismo eskudunek luzatutako horren egiaztagiria aurkeztu beharko du.

51. atala.
Poligono eta urbanizazio berrietako hornikuntzek, sarea aldatzea edo zabaltzea eskatzen dutenean, aurreko ataletan ezarritakoaz gain, hurrengo ataletan bildutako arauak bete beharko dituzte.
• Hiri-lurzoruko banaketa-sarearen instalazioak zabaldu edo aldatzea behar duten hornikuntzak

52. atala.
Udalaren eskumen-esparruaren barruan egonda ere, hornitu gabeko lekuetan dauden edota, hornituta badaude ere, inguruan dauden instalazioak aldatzea edo zabaltzea eskatzen duten guneetarako hornikuntza berriak ematea hornitzeko ahalbide teknikoen eta Udalak onartzen dituen inbertsio-planen menpe egongo da.
Zerbitzua ez da inoiz behartuta egongo emariaren hornikuntza presio jakin batekin ematera.
Emari jakin baterako behar adina presiorik ez badago, eskatzaileak gainpresio-sistema berezi bat instalatu eta mantendu beharko du bere kargura. Sistema horrek 22.2 atalean ezarritakoa bete beharko du.

53. atala.
1.Hornitu gabe dagoen edo behar adina hornituta ez dagoen gune bateko eskatzaile oro behartuta egongo da kontsumo-eskaera berriari erantzuteko egin beharreko sare-zabalkuntzak edo -aldaketak sorrarazten dituen gastuen osotasuna itzuli beharrik gabe eta bere kargura ordaintzera.
2.Eskatzaile bati edo gehiagori erantzuteko, etorkizuneko beharrak aurreikusiz beharrezkoa baino dimentsio handiagoaz sarea zabaldu edo aldatzen denean, kostua sarearen erabiltzaile berrien eta etorkizunekoen artean banatuko da, saretik doan emariarekiko erabiltzaile bakoitzarentzat deribatutako emaria kontuan izanda.
3.Sarea zabaldu edo aldatzeko, Zerbitzuak betiere horretarako baldintza teknikoak finkatuko ditu.

54. atala.
Aurreko ataletan aurreikusitakoaren eraginetarako, gune bat ezarrita ez dagoela ulertuko da, hartunea kokatu beharreko lekuan banaketa-sarerik ez dagoenean. Era berean, gune bat behar bezain hornituta ez dagoela ulertuko da, eskari berriari erantzun ahal izateko, sareak behar adina emari ez duenean hartunea egin beharreko lekuan, inguruko kontsumoei erantzuteko hitzartutako emariak kendu ondoren.
• Poligono edo urbanizazio berrietako hornikuntzak

55. atala.
1.Industria-poligono eta/edo etxebizitza berrien horniduran, bertako sarea egiteak sorrarazten dituen gastuak, poligonoko sareetatik sare orokorretarako hartuneak bezalaxe, sustatzailearen kargura izango dira bere osotasunean.
2.Bai poligono berrietako sareak bai eta adierazitako hartuneak ere Zerbitzuak une bakoitzean ezarrita dituen irizpide teknikoen arabera proiektatu eta egingo dira.
3.Udalatxeak, dagozkion urbanizazio-proiektuak onartu aurretik, eta eraikitzeko lizentziak eman aurretik betiere, ura hornitu eta saneatzeko benetako ahalbideei buruzko Zerbitzuaren txostena eskatu beharko dute eta proiektu horietan edo obretan hark finkatutako eskakizun teknikoak biltzen dituzten adieraziko dute.
4.Poligono berrien kasuan, zerbitzuaren ahalbideek aukerarik emango ez balute, hau ez da ura hornitzera behartuta egongo, ez eta poligono berriaren isurketarik onartzera ere.
5.Aurreko atalean aurreikusitako kasuan izan ezik, sareak eta sistema orokorretarako hartuneak egin ondoren, horiek Udalaren jabetzakoak izango dira. Hala ere, Udaletxeak horiek jasotzeari eta sistema orokorretarako krokadurak baimentzeari uko egin diezaioke, Zerbitzuak finkatutako irizpide teknikoen arabera egin ez badira obrak.
Sareen eta hartuneen burutzapena egiaztatzeko asmoz, Udaletxeak Zerbitzuari ahalmena emango diote haien udal-mugarteetan egiten diren obrak zaindu eta ikuskatzeko zereginak egiteko, hornidurari eta saneamenduari dagokienez.

56. atala.
Lurzoru landatarretan edo urbanizaezinetan hornikuntzak ematea, 51. atalean aurreikusitako baldintzetara ez ezik, indarrean dagoen hirigintza-legeriak baimentzen dituen suposizioetara mugatuta egongo da eta, nolanahi ere, aurreko atalean xedatutakoa aplikatuko da.
• Neurketa-ekipoak

57. atala.
Harpidedun bakoitzak egiten dituen ur-kontsumoak instalazio orokorrean edo, halakorik ezean, partikularrean nahitaez instalatu beharreko neurketa-ekipoaren bidez kontrolatuko dira.
Ondoko mota hauetako neurketa-ekipoak instalatu ahal izango dira:
- Kontagailuak.
- Ekipo bereziak.
Neurketa-ekipo kontagailuduntzat hartuko da, kontsumoari dagokionez berorren ahalmenaz bestelako mugarik gabe, bertatik bideratu den ur-bolumena adieraziko duen aparatu mekanikoa edo elektromekanikoa duena.
Ekipo berezitzat hartzen dira benturiak, isurtegiak, diafragmak eta, hala badagokio, emariak neurtzeko Zerbitzuak onartzen dituen gainerako sistemak edo aparatuak.

58. atala.
Harpidedunak kontagailuak eta bestelako aparatuak ekartzeko eskubidea du, baldin eta Zerbitzuak homologatutako sistema eta mota batekoak badira eta ofizialki egiaztatuak badira, aldeko emaitzarekin.

59. atala.
Harpidedunak neurketa- eta kontrol-ekipoak zaintzeko erantzukizuna du eta Zerbitzua, berriz, horiek mantendu eta manipulatzekoa eta horren ondorioz sortzen diren egoerei erantzutekoa.

60. atala.
Neurketa-ekipoak indarrean dagoen legeriaren arabera Zerbitzuak adierazitako ezaugarriak bete beharko ditu eta Zerbitzuak erabakiko du kasuak kasu ipini beharreko neurketa-ekipo zuzena eta horren kokapena.

61. atala.
Neurketa-ekipoak instalatu, kendu eta mantentzea Zerbitzuko langileen edota horrek izendatzen dituen instalatzaile baimenduen eskumen esklusiboa da eta beste edonork horiekin edozein eragiketa egitea guztiz debekatuta dago.
Era berean, funtzionamendu-berme gisa, fabrikatzaileek ipiniak diren edo, instalatzean edo konpontzean, Zerbitzuak jartzen dituen neurketa-ekipoetako zigiluak manipulatzea debekatuta dago.

62. atala.
Nahi gabe zigiluetako bat hautsiko balitz, Zerbitzuari horren berri emango zaio hogeita lau orduko epean.
Hausturagatik edo funtzionamendu-akatsengatik neurketa-ekipoa konpondu beharko balitz, Zerbitzuak neurketa-ekipo bat emango dio Harpidedunari.

63. atala.
Neurketa-ekipoetako probak Zerbitzuak bidezkotzat jotzen duen bakoitzean edo Harpidedunak berak eskatuta egingo dira. Harpidedunak proba bat eskatzen badu eta neurketa-ekipoa funtzionamendu-egoera egokian dagoela ikusten bada, zerbitzu horren ondoriozko gastuak eskatzailearen kargura izango dira.
Neurketa-ekipoa egoera egokian dagoela ulertuko da neurketa-akatsak, baleude, indarrean dagoen legeriak baimendutako mugen barruan daudenean.
Neurketa-ekipoak gaizki funtzionatzen duela egiaztatzen bada, Zerbitzuak bidezko likidazioa egingo du.

64. atala.
Neurketa-ekipoak finken sarreran, leku hurbilerrazetan eta Zerbitzuak homologatutako erregistroetan edota hark homologatutako gela hurbilerraz sarrailadunetan instalatuko dira.
Finka, eraikin edo etxebizitza-bloke bakoitzaren sarreran kontagailu orokor bat ipiniko da eta, jarraian, finkaren edo eraikinaren barruan dauden ur-hartune bezainbat kontagailu banantzaile jarriko dira.
Aurreko paragrafoan adierazitako irizpideak kontuan izanda, Zerbitzuak, kasuak kasu, bai kontagailu orokorra bai kontagailu banantzaileak instalatzeko lekurik egokiena adieraziko du.
Horretarako, eta hornikuntzako barne-instalazioak arauzko baldintza teknikoak betetzen dituen egiaztatzeko, interesatuek edo obretako eraikitzaileek eta sustatzaileek Zerbitzuari euren proiektuak bidali beharko dizkiote, obra-lizentzia eskatu aurretik, haren oniritzia jasotzeko asmoz, kontagailuen bateriarainoko eraikinaren barne-instalazioari dagokionez. Lizentziaren aurretik Zerbitzuaren oniritzirik eskatzen ez bada, hura emateko eskumena duen udalak Zerbitzuari obra-proiektua bidaliko dio, horri buruzko txostena egin dezan, lizentzia eman aurretik. Nolanahi ere, erakundeek behin-behineko lizentziak eman ahal izango dituzte, Zerbitzuaren oniritzia lortzera baldintzatuta.
Oniritzia nahitaez lortu beharko da eta interesatua edo eraikitzailea behartuta egongo da barne-instalazioan Zerbitzuak erabakitako aldaketak egitera. Hori beteko ez balitz, 17. atalean aurreikusitakoa aplikatuko da.

65. atala.
Harpidedunak kontsumo-erregimena aldatzen duenean edo hornikuntza eskatzean aitortutakoarekin bat ez datorrenean eta, horren ondorioz, neurketa-ekipoa behar bezala dimentsionatuta ez dagoenean, beharrezko zehaztasunaren barruan ur-kontsumoak kontrolatzeko, neurketa-ekipo berria instalatu beharko da, benetan egindako kontsumoen arabera dimentsionatuta egongo dena.
Erabilera-erregimena aldatu dela edo harpidedunak hornikuntza eskatzean aitortutakoarekin bat ez datorrela ulertuko da, Zerbitzuak egiten dituen egiaztapen teknikoetatik instalatutako neurketa-ekipoa benetako kontsumoetara egokitzen ez dela ondorioztatzen denean, fabrikatzaileak zehaztutako ezaugarrien barruan.
Neurketa-ekipo bat ordezkatu beharra dagoenean, Zerbitzua baimenduta egongo da hura aldatzeko, beste inolako eskakizunik bete behar izan gabe, eta sortutako gastu guztiak Harpidedunaren gain izango dira.

66. atala.
Hornitutako eraikinaren, lokalaren edo barrutiaren edozein aldaketa edo erreforma, kontagailuaren instalazioan edo eskuragarritasunean eragina badu, aldez aurretik Zerbitzuak baimendu beharko du.

LAUGARREN SAILA. SANEAMENDU-ZERBITZUA

67. atala.
Aurreko sailean bildutako xedapenak zerbitzuari oro har aplikatzekoak izango dira, berariazkoak izateagatik hornidura-zerbitzurako besterik ez direnak salbu, hurrengo ataletan ezarritako berezitasunen kaltetan izan gabe.
Aurreko paragrafoan ezarritako eraginetarako, «hornikuntza», «banaketa edo hornidura», «kontsumoak» eta «hornituta» terminoak, hurrenez hurren, «hustuketa», «saneamendua», «isurketak» eta «hustuketa duten» terminoei buruzkoak direla ulertuko da.

68. atala.
Kolektorearen kota azpitik isurketarik egin nahi izanez gero, eskatzaileak hondakin-urak goratzeko multzo bat instalatu eta mantendu beharko du bere kargura.

69. atala.
Saneamendu-hartunea Zerbitzuak egokientzat jotzen duen gunean konektatuko da saneamendu-sarearekin eta behin burutu ondoren eskatzailearen jabetzakoa izango da.
Saneamendu-hartuneen diseinuak eta eraikuntzak haien iragazkaiztasuna ziurtatu behar dute, batez ere saneamendu-sarearekiko lotunean. Zerbitzuak bai hartunearen abiagunean bai eta sarearekiko lotunean ere kutxetak instalatzea exijitu ahal izango du. Horrez gain, emariak kontrolatu eta neurtzeko kutxetak eraikitzera, dagozkion neurketa-sistemak instalatzera eta eraikinaren barrualdean hartuneetako erregistro-kutxetak eraikitzera ere behartu dezake. Hori guztia Zerbitzuak emandako zehazpenen arabera egingo da. Nolanahi ere, saneamendu-hartuneak egitura aldetik sendoak izateko proiektatu eta burutu beharko dira, garraiatu beharreko uren erasogarritasun-ezaugarriak kontuan izanda.

70. atala.
Kolektoreen sare bereizlea dagoenean, Zerbitzuak ur beltzetarako eta euri-uretarako hartune bereiziak instalatzea eta, ondorioz, hustuketa-zerbitzua jasotzen duen finkan edo eraikinean sare bereizlea burutzea exijituko du.
Hala eta guztiz, kolektoreen sare bereizlerik ez dagoenean ere, Zerbitzuak, hura ondoren eraikitzea aurreikusiz, aurreko paragrafoan adierazitako ur-banaketa egitea eta ur horiek horretarako diseinatutako kutxetan behin-behineko biltzea exijitu ahal izango du.

71. atala.
Zerbitzuak isurketen berariazko kontrola beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen duenean, nahitaez instalatzekoa izango den isurketak neurtzeko aparatua diseinatu eta haren ezarpen-sistema adieraziko du.
Zerbitzuak isurketen laginak hartzeko kutxeta berak onartutako diseinuaren arabera eraikitzea exijitu ahal izango du.

72. atala.
1.Saneamendu-azpiegiturarik edo behar adinako saneamendu-azpiegiturarik ez duten tokietan, erabiltzaileek konponbide bereziak barne hartu ahal izango dituzte, hala nola, hodi septikoak, azpilak edo iragazkiak, baldin eta Zerbitzuak horien proiekzioa eta burutzapena teknikoki onartzen baditu.
Konponbide horiek eta, hala badagokio, ematen diren baimenak behin-behinekoak izango dira eta Udalak finkaren inguruetan saneamendu-sarerik ez duen bitartean onartuko dira. Saneamendu-sareak ezartzen diren unean egingo da krokadura, Ordenantza honetan aurreikusitako moduan eta baldintzetan.
2.Aurreko atalean eta 52. eta 53. ataletan aurreikusitakoaren eraginetarako, saneamendu-azpiegiturarik gabeko zonatzat hartuko da hartunea kokatu beharreko lekuan kolektore-sarerik ez duena.
Era berean, gune batek behar adinako saneamendu-azpiegiturarik ez duela ulertuko da, hartunea kokatu beharreko lekuan isurketa-eskaera berriari erantzuteko garraiorako behar besteko ahalmenik edo kotarik ez dagoenean.

73. atala.
Zerbitzua ez da behartuta egongo etxeko instalazio berezirik jaso, garbitu edo saneatzera, hondakin-urak arazteko instalazio partikularraren jabearen eta Zerbitzuaren artean horretarako akordiorik badago, eta halakoetan baliotasunez hitzartutakoari jarraitu beharko zaio, edota saneamenduaren berezko zerbitzuak kobratzearen ordainetan zerbitzu hori barne hartzen bada salbu.

IV. ATALBURUA

ZERBITZUAK KONTRATATZEA

LEHEN SAILA. KONTRATAZIOAREN BALDINTZA OROKORRAK

74. atala.
Ura hornitu eta saneatzeko zerbitzuen kontratazioa, Ordenantza honetan aurreikusitako xedeetarako eta bertan ezarritako baldintzetan, bidezko kontratuaren bitartez formalizatuko da. Kontratua, alde batetik, Zerbitzuak izendatzen duen pertsonak eta, bestetik, zerbitzuak jasoko dituen eraikinaren, lokalaren edo barrutiaren jabeak edota dagokion eraikina okupatzeko behar adinako titulua duenak sinatuko dute eta bi aldeek zuzenean edo botere nahikoa ordezkatzen duen pertsonaren bitartez jardun ahal izango dute.

75. atala.
Obretarako hornikuntzaren eskaera ondoko dokumentazioa aurkeztuta justifikatuko da:
a)Obretarako udal-lizentzia.
b)Ordainagiriak ordaintzeko banku-helbideratzearen ziurtagiria.
c)Bidezko udal-eskubideak likidatu izanaren egiaztagiria.
d)Obrak Udalaren kontura egin behar dituen kontratistaren kasuan, dagokion kontratua edo hura ordezkatuko duen ziurtagiria.
Hornikuntzaren ondoriozko betebeharrei erantzutea ziurtatzeko, Harpidedunak, poliza sinatzeko garaian, fidantza edo banku-abal bat jarri beharko du eta horren zenbatekoa Zerbitzuko arduradunek finkatuko dute, obren tamaina eta iraupena kontuan izanda.
Jarritako fidantza harpidedunari itzuliko zaio Zerbitzuarekiko lotura amaitu ondoren, baldin eta egindako kontsumo guztiak ordaindu baditu eta, hala badagokio, betetzeko dituen zigor eta/edo konpromiso guztiei erantzun badie.

76. atala.
1.Ur edangarriaren hornikuntza eta/edo hondakin-uren hustuketa berriak interesatuaren eskariz emango dira. Horretarako, interesatuak dagokion eskabidea egin beharko du, Zerbitzuak emandako ereduan, eta bertan jasotako datuak egiazkoak izatearen erantzukizuna izango du.
2.Adierazitako eskabideari ondoko dokumentuak eta baimenak erantsi beharko zaizkio:
a)Kokapenaren, iturgintzaren eta saneamenduaren planoak eta, hala badagokio, suteetarakoak.
b)Udalaren obra-lizentziaren kopia.
c)Obra-lizentziaren aurreko baimen administratiboaren kopia.
d)Zanga irekitzeko lizentziaren kopia.
e)Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuei buruzko Araudiaren aplikazio-esparruan barne hartutako jarduerak garatzen dituzten merkataritza- eta industria-lokalen kasuan, proiektuaren kopia aurkeztu beharko da.
f)Bidezko baimena, hartunearen trazadurak jabetza pribatuan eragina duenean.
g)Uraren erabilerari buruzko idatzizko justifikazioa.
h)Lehen erabilpenaren lizentzia, eraikin egin berrien kasuan.
i)Etxeko erabileraren kasuan, eraikineko etxebizitza bakoitzari dagokion Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren azken ordainagiria edo zerga horretarako alta-aitorpena.
j)Ordainagiriak ordaintzeko banku-helbideratzearen ziurtagiria, zergadunak nahi izanez gero.
3.Obrarako alta-eskaeraren kasuan eman beharreko agiriak, 75. atalean adierazitakoak izango dira.
4.Zerbitzuak ur-hornikuntza eta/edo hondakin-uren hustuketa ematea erabaki ondoren, obra-eraikuntzarako kontsumoak hornitzeko behin-behineko kontratua egin ahal izango da aurreko azpiataletan adierazitako dokumentazioarekin.
5.Hornikuntza berriaren eskabidea suteen aurkakoa bada, eskatzaileak atal honetako 2. azpiatala.en a), d), e) eta f) letretan aipatutako dokumentuak erantsi beharko dizkio eskariari.
6.Nolanahi ere, hornidurako eta saneamenduko barne-instalazioek arauzko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko da eta hori ordenantza honetan ezarritakoaren arabera ziurtatuko da.

77. atala.
Ur edangarriaren hornikuntzak eta/edo hondakin-uren hustuketa behin betiko kontratatzeko, dagokion ondasun higiezina okupatzeko titulartasun nahikoa egiaztatuko duen dokumentazioaz gain, ondoko hau aurkeztu beharko da:
a)Etxebizitzak: Lehen okupaziorako lizentzia aurkeztu beharko da.
b)Merkataritza- eta industria-lokalak:
- Irekiera-lizentzia.
- Zerga Lizentzian altan egotearen ziurtagiria.
- JGOKA espedientea: Administrazio eskudunak ezarritako neurri zuzentzaileen edukia kontratuari erantsiko zaio.

78. atala.
Ura hornitu eta saneatzeko zerbitzuak behin-behineko edo behin betiko hitzartu ahal izango dira.
Finka, barruti, obra, industria, etab. iragankorretarako ezin izango da inola ere behin betiko zerbitzurik hitzartu.
Salbuespen gisa, probetarako eta instalazioetarako ur edangarriaren hornikuntza eta hondakin-uren hustuketa eman ahal izango da, Zerbitzuaren eta erabiltzailearen arteko aldez aurreko hitzarmenaren bidez. Hitzarmen horretan, zerbitzuen iraupena, kontsumitu beharreko uraren eta hustu beharreko isurkien bolumena, isurki horien ezaugarriak eta hitzarmena eraginkorra izan dadin beharrezkoak diren gastuen zenbatekoa zehaztuko dira.

79. atala.
Ura hornitu eta husteko zerbitzuak eman zireneko xedeetara zuzenduko dira eta ezin izango zaie bestelako erabilerarik eman. Bestelako erabileretarako Zerbitzuari emakida berria eskatu beharko zaio betiere.

80. atala.
1.Ura hornitu eta/edo saneatzeko polizak erabilera bakoitzerako ezarriko dira eta tarifa edo baldintza desberdinak aplikatzea eskatzen duten erabilera guztietarako poliza bereiziak egin beharko dira.
2.Edozein arrazoi dela eta, dagokion harpidetza-polizan jasotako kontratuaren baldintza bereziren bat aldatzean, datatutako eta bi aldeek sinatutako beste dokumentu bat idatziko da, hitzartu aldaketak jasoko dituena.

81. atala.
Harpidetza-polizek ezin izango dute barne hartu Ordenantza honetan edo Udalak onartutako bestelakoetan xedatutakoarekin kontraesanean egongo den edota une bakoitzean indarrean dauden tarifenak baino prezio handiagoak edo baimendu gabeko gainordainak ezartzen dituen klausula gehigarririk edo berezirik.

82. atala.
Zerbitzuak ez die inola ere ura hornitu eta saneatzeko zerbitzurik emango, emakidarako eskubidea izateko baldintzak beteta ere, Udalari eta/edo Zerbitzuari ur zerbitzuengatik kopururen bat zor dioten eskatzaileei, haren zenbatekoa kitatu artean, bidezko gainordainekin eta gastuekin.

BIGARREN SAILA. GORDAILUAK

83. atala.
Iraupen laburreko behin-behineko zerbitzuak izanik, beti ere hiru hilabetetik beherakoak, harpidetza-poliza sinatzeko garaian, kontagailuaren kalibrea eta erabilpen-orduen kopuru aurreikusgarria kontuan izanda zenbatetsitako kontsumoen eta/edo isurketen aldez aurreko likidazioa exijituko da eta, ondoren, behin betiko likidazioa egingo da, emaitzazko benetako kontsumoen arabera.

HIRUGARREN SAILA. KONTRATUA ETEN ETA IRAUNGITZEA

84. atala.
Zerbitzuak harpidedunei ura hornitu eta/edo saneatzeko zerbitzua eten ahal izango die ondoko kasuetan eta prozeduraren bidez:
a)Harpidedunak hiru hilabeteko epean, ordainagiria kobratzeko jartzen denetik hasita, Zerbitzuak emandako edozein zerbitzuri dagokion zenbatekoa ordaintzen ez duenean.
b)Iruzurreko likidazio irmoaren emaitzazko kopuruak ez ordaintzeagatik, iruzurra berriro egitearen frogatutako kasuan.
c)Harpidedunak hornitutako ura kontratatutako polizan ezarritakoez bestelako moduan eta erabileretarako erabiltzen duenean.
d)Harpidedunak isurketak polizan baimendutakoez bestelako baldintzetan egiten dituenean eta, oro har, isurketei dagokienez Udalean indarrean dauden arauak betetzen ez dituenean.
e)Harpidedunak, harpidetza-polizan jasotakoez bestelako lokaletan edo etxebizitzetan ura hornitu edo husteko, bere instalazioetan deribazioa ezartzen duenean edo ezartzen uzten duenean.
f)Harpidedunak, kontratatutako zerbitzuari edo zerbitzuei lotutako lokalean, Zerbitzuak baimendutako eta bidezko nortasun-dokumentazioa daramaten langileei, instalazioak gainbegiratzeko edota kontsumoa edo erabilerak egiaztatzeko asmoz, sartzen uzten ez dienean. Halakoetan, bi lekukoren aurrean edota agintaritzaren agenteren baten aurrean jasoarazi beharko da sartzeko ukoa.
g)Harpidedunaren arduragabekeriagatik, ekipo zuzentzaileak instalatzeari dagokionez, hornidura eta saneamendu-sareetan asaldurak sortzen direnean, organismo eskudunek asaldura horiek zuzentzeko ezarritako epea igaro ondoren.
h)Harpidedunak Ordenantza hauetan ezarritako betebeharrak larriki urratzen dituenean edota harpidetza-polizan finkatutako baldintzei lotzen ez zaienean.
Etena sorrarazi zuten kausak zuzendu ondoren, zerbitzua egun berean edo, bestela, hurrengo lanegunean ezarriko da berriro.
Bai etenaren bai berriro konektatzearen ondoriozko gastuak harpidedunaren kontura izango dira.

85. atala.
Ura hornitu eta saneatzeko kontratua ondoko edozein kausaren ondorioz iraungiko da:
a)Harpidedunak hura deuseztatzea formalki eskatzen duenean. Hori egiaztatzeko, Zerbitzuaren bulegoetan hala eskatzen duen idatzia aurkeztu beharko da, polizaren titularrak edo horretarako legez baimendutako pertsonak sinatutakoa.
b)Iraupen-epea amaitzeagatik, kontratua aldi baterako egiten denean.
c)Polizaren titularrak zerbitzuak jasotzen dituen lokalarekiko, finkarekiko edo barrutiarekiko titulartasuna edo erabilera-eskubidea galtzen duenean, kasuaren arabera eta 87. atalean adierazten den eskualdaketa-eskubidearen kaltetan izan gabe.
d)Harpideduna hiltzeagatik edo iraungitzeagatik.
e)84. atalean aurreikusitako edozein arrazoirengatik zerbitzua eten ondoren hiru hilabetetik gora igaroz gero, Harpidedunak etena sorrarazi zuten kausak ezabatzeko beharrezko neurriak hartu gabe.

86. atala.
Aurreko ataleko c) paragrafoan ezarritakoari jarraituz, helbidez aldatzean edo kontratua sinatu zuena ez den pertsona batek lokal bera okupatzean, beste poliza bat egin edota aurreko polizan subrogatu beharko da eta, betiere, altaren berezko eskakizun formalak eta ekonomikoak bete beharko dira.

87. atala.
1.Harpidedunak, oro har, ezin izango die hirugarrenei bere eskubideak laga eta ezin izango ditu Zerbitzuarekiko dituen erantzukizunak alde batera utzi. Nolanahi ere, Zerbitzuarekiko betebehar ekonomikoetan egunean dagoen Harpidedunak beste pertsona baten izenean eskualdatu ahal izango du bere poliza, baldin eta horrek lokal bera hitzartutako baldintza beretan okupatu behar badu.
2.Harpidedunak, idatzizko jakinarazpenaren bidez, hitzartutako eskualdaketaren berri emango dio Zerbitzuari.
Zerbitzuak, jakinarazpena jasotzean, eta behin harpidedunak betebehar formalak eta ekonomikoak bete ondoren, poliza berria luzatu beharko du harpidedun berriaren izenean. Harpidedun berriak zerbitzuak kontratatzeko beharrezko dokumentuak eta baimenak aurkeztu beharko ditu, dagokion Udalean merkataritzako eta industriako titulartasun-aldaketa bideratu izana egiaztatuko duen dokumentazioaz gain.

88. atala.
85. ataleko d) azpiatalean aurreikusitakoa gora-behera, harpidetza-polizaren titularra hilez gero, poliza horren eskubideetan eta betebeharretan subrogatu ahal izango da hornikuntza jasotzen duen etxebizitzaren edo lokalaren jabetzaren edo erabileraren kausatzaile denari jarraituko dion edozein oinordeko edo legatudun.
Pertsona juridikoak iraungitzearen kasuan, eskubideei eta betebeharrei dagokienez horietan subrogatzen dena edo beraiek ordezkatzen dituena harpidetza-polizan ere subrogatu ahal izango da, betiere, zerbitzua emateko beharrezko baimenak eta dokumentuak Zerbitzuan aurkeztuz gero.
Subrogatzeko eskubidean sei hilabeteko epearen barruan jardun behar izango da, gertakari kausatzailearen datatik hasita.

LAUGARREN SAILA. ZERBITZUAK ERABILTZEKO MODALITATEAK

89. atala.
Ur-hornidurak ondoko xedeetarako emango dira bakar-bakarrik:
a)Etxeko erabileretarako kontsumoak.
b)Etxekoak ez diren erabileretarako kontsumoak:
- Industria-erabileretarako kontsumoak.
- Ongintzako eta irakaskuntzako instituzio edo zentroetarako kontsumoak.
- Obra-eraikuntzarako kontsumoak.
- Finka partikularretako ureztatze, apaindura eta aisiako erabileretarako kontsumoak.
- Zentro ofizialetako erabileretarako kontsumoak.
- Erabilera publikoko berdeguneak ureztatzeko kontsumoak.
- Kirol-instalazioetako kontsumoak.
- Iturri eta apaindura publikoetarako kontsumoak.
- Zerbitzu berezietarako kontsumoak.
- Kultura, kirol edo aisiako elkarteetako kontsumoak.
- Jabe-elkarte bat osatzen duten edo osatu beharko luketen edota berariazko hartunea duten garaje-plazetako kontsumoak.

90. atala.
1.Etxeko erabileretarako kontsumotzat hartuko da lehen okupaziorako lizentzia duten etxebizitzetan edo barrutietan egiten dena.
2.Industria-erabileretarako hornikuntzatzat hartuko da Ekonomi jardueren gaineko zergan alta behar duten negozio- edo industria-lokalak hornitzera zuzendutakoa.
3.Ongintzako eta irakaskuntzako erabileretarako hornikuntzatzat hartuko da ongintza publikoan edo hezkuntzan diharduten zentroetako kontsumo-beharrei erantzutera zuzendutakoa, baldin eta zentro horiek ofizialki halakotzat aintzatetsiak badira.
4.Obra-eraikuntzarako hornikuntzatzat hartuko da eraikuntzarekin edo erreformarekin eta, oro har, edozein obrarekin zerikusia duten beharrei erantzutera zuzendutakoa. Hornikuntza horiek betiere aldi baterako eta prekarioan emango dira, biztanleriaren behar orokorren menpe.
5.Finka partikularretako ureztatze, apaindura eta aisiako erabileretarako hornikuntzatzat hartuko da edozein finka partikularretan horretara zuzendutakoa, finka horretan etxebizitza bat edo etxebizitza-multzo bat, industria bat, etab. barne hartuta egon ala ez egon.
6.Zentro ofizialetako erabileretarako hornikuntzatzat hartuko da Estatuaren edota Euskal Autonomia Erkidegoaren menpe dauden organismo desberdinen jarduerak sortzen dituen hornidura-beharrei erantzutera zuzendutakoa.
7.Erabilera publikoko berdeguneetarako hornikuntzatzat hartuko da adierazitako erabilerari lotutako eraikinak ureztatzera zuzendutakoa, titulartasuna publikoa ala pribatua izanik ere.
8.Iturri publikoetarako hornikuntzatzat hartuko da elementu horiek eta, oro har, titulartasun eta erabilera publikoa duten apaindura-elementu guztiak hornitzera zuzendutakoa.
9.Zerbitzu berezietarako hornikuntzatzat hartuko da, edozein motatako beharrei erantzutera zuzenduta, noizbehinkakoa eta/edo aldi baterakoa dena.
10.Kultura, kirol edo aisiako elkarteetako kontsumotzat hartuko da adierazitako elkarteak hornitzera zuzendutakoa.
11.Jabe-elkarte bat osatzen duten edo osatu beharko luketen edota berariazko hartunea duten garaje-plazetako kontsumotzat hartuko da adierazita egoeretan barne hartutakoa.

91. atala.
Aurreko atalean adierazitako hornikuntzak denbora mugagaberako kontratatuko dira, iraupen jakin bat ezartzen bazaie salbu.
Hornikuntzaren mugagabetasunaren kaltetan izan gabe, harpidetza-polizetan kontratuaren urtebeteko iraupena finkatu ahal izango da, luzapen automatikoekin, hura salatzen edo aldatzen ez den bitartean.

92. atala.
Saneamendu-zerbitzuaren erabilerak eta isurketen motek eta baldintzek Udalean isurketei buruz indarrean dauden arauek edo ordenantzek edota indarreko legeriak une bakoitzean ezartzen dutenari jarraitu beharko diote.

V. ATALBURUA

KONTSUMOAK, FAKTURAZIOA ETA ORDAINTZEKO ERA

LEHEN SAILA. KONTSUMOAK ZEHAZTEA

93. atala.
Harpidedun bakoitzak egindako kontsumoak ondoko prozeduren eta baldintzen arabera zehaztuko dira:
a)Neurketa-ekipoaren irakurketan lortutako kontsumo-datuen arteko diferentziaren arabera.
Neurketa-ekipoetan erregistratutako datuak Zerbitzuko enplegatuek edo, enplegatu izan gabe, hark kreditatzen dituen pertsonek irakurriko dituzte, Udaleko Zerga Ordenantzan kasuak kasu ezarritako tarteetan. Irakurketa horrek Harpidedunak egindako kontsumoen fede emango du, aurkako proba fedemailerik ez badago.
b)Kontsumoen zenbatespenaren arabera, zerbitzuaren borondatearen aurka, laneko ohizko ibilbidean zehar bertako langileek neurketa-ekipora jo ezin dutenean haren irakurketa egiaztatzeko, edota Harpidedunak hurrengo bost egunen barruan Zerbitzuari berak erregistratutako datuak ematen ez dizkionean, horretarako hornikuntza-puntuan ipiniko den inprimakiaren bidez.
Kontsumoak aurreko urteetan garai berean egindakoak kontuan izanda zenbatetsiko dira eta kontratuak urtebeteko indarraldirik ez badu, zenbatetsitako kontsumoa kalkulatzeko, fakturazioak dauden aldi osoan izandako kontsumoak hartuko dira kontuan.
Zerbitzuaren harpidedunak eman dituen neurketa-ekipoaren datuetatik, horiek adierazten dituzten kontsumoak Harpidedunak egin ohi dituen kontsumoen erregimenarekin bat ez datozela ondorioztatzen denean ere kontsumoen zenbatespenera jo ahal izango da.
c)Kontsumoen ebaluazioaren arabera, irakurketa egitean neurketa-ekipoan anomaliaren bat antzematen denean edota indize bakarra dagoenean, aurrekoaren baliogabetasunagatik.
Ebaluatutako kontsumoa aurreko azpiatalean aurreikusitako prozeduraren arabera kalkulatuko da.
Kontsumoen ebaluazioa ere bidezkoa izango da kontagailurik gabeko guneetarako hornikuntza berezietan, eta emakidaren garaian finkatutako eta Harpidedunak onartutako sistemen edo indizeen eta baldintzen arabera egingo du Zerbitzuak.
Halakoetan, ebaluazio-prozeduraren bidez egindako fakturazioak behin betikotzat hartuko dira, hau da, ez konturakotzat.
d)Kontagailu banantzaileen eta kontagailu orokorraren baturen arteko diferentziaren arabera, 49. atalean adierazitakoari jarraituz.

94. atala.
Aurreko ataleko b) azpiatalean adierazten diren kasuetan, Zerbitzuak, aldiari dagokion fakturazioa egin ahal izateko, kontsumoak zenbatetsi ahal izango ditu edota hura hurrengo aldira atzeratu ahal izango du, azken horretan bi aldietako kontsumoak metatuta.

BIGARREN SAILA. FAKTURAZIOA ETA ORDAINTZEKO ERA

95. atala.
Zerbitzuak, ura hornitu eta saneatzeko zerbitzuak fakturatzeko, une bakoitzean indarrean dauden prezioak aplikatuko ditu, kasuak kasu, Udalaren zerga-ordenantzak finkatzen dituen baldintzetan eta aldietarako.

96. atala.
Oro har, Estatuak, Autonomia Erkidegoak edo Aldundiak hornidura- eta saneamendu-zerbitzuei lotutako instalazioen gainean, zerbitzuen beraien gainean edo horien erabilpenaren gainean ezarritako zergak, Zerbitzua zergadun denean, ezin izango zaizkio Harpidedunari jasanarazi, zergak sortu dituen arauak bestelakorik ezartzen badu salbu eta haien zenbatekoa kostu gisa tarifen barruan sartzearen kaltetan izan gabe.

97. atala.
Hornidura eta saneamendu-zerbitzuen ondoriozko Harpidedunaren zorrak dokumentatzen dituzten ordainagirietan, indarrean dagoen legeriak une bakoitzean exijitzen dituen zehazpenak bilduko dira eta prezioak, kontsumoak eta erabiltzailearentzat interesgarriak diren gainerako datuak argiro eta modu ulergarrian adieraziko dira.

98. atala.
Harpidedunak edozein erreklamazio egin ahal izango du, Zerbitzuak fakturatutako zenbatekoarekin ados ez badago. Erreklamaziorako epea faktura-datatik hilabetera amaitzen da. Epe hori amaituta, harpidedunak jaulkitako fakturari dagokionez izan zezakeen edozein eskubide galduko du.

99. atala.
Harpidedunak ondoko sistemen bitartez ordaindu ahal izango ditu Zerbitzuak fakturatutako zenbatekoak, zerga-ordenantzak bestelako prozedurarik ezartzen badu salbu:
- Zerbitzuak kobrantzarako baimendutako banku- edo aurrezki-bulegoetan eskudirutan ordaintzea.
- Harpidedunak adierazitako banku-kontuan helbideratzea.

100. atala.
Udalean barne hartuta ez dauden toki-erakundeei egiten zaizkien hornidura- eta saneamendu-zerbitzuak fakturatu eta kobratzeko erregimena, 15. atalean ezarritakoaren arabera, kasuak kasu modu berezian arautu ahal izango du Enpresak.

VI. ATALBURUA

ARAU-HAUSTEAK ETA ZIGORRAK

LEHEN SAILA. ARAU-HAUSTEAK

101. atala.
Harpidedunaren arau-haustetzat hartuko da Ordenantza honetan eta, 3. atalean aurreikusitakoaren arabera, Udalak onartzen dituenetan ezartzen zaizkion betebeharrak eta baldintzak ez betetzea. Arau-hauste horiek zergazkoak ala ez-zergazkoak izan daitezke.

102. atala.
Arau-hauste ez-zergazkoak arinetan eta larritan sailkatuko dira, horien garrantzia eta ondorioak kontuan izanda.
Arau-hauste arintzat hartuko dira Ordenantza honetako ondorengo atal eta azpiatal hauetan Harpidedunari ezartzen zaizkion betebeharrak ez betetzea: 21. atala. 1., 3. eta 4. azpiatala.; 22. atala. 4. azpiatala.
Arau-hauste larritzat hartuko dira ondorengo atal eta azpiatal hauetan bildutako arauak ez betetzea: 21. atala. 2., 5., 6. eta 7. azpiatala.; 22. atala. 1., 2., 3., 5., 6., 7.,8.,9.,eta 10. azpiatala.. Gainera, arintzat hartutako edozein arau-hauste berriro egitea ere hartuko da arau-hauste larritzat.

103. atala.
Zergazko arau-hauste larriak edo arinak dira, aplikatzekoa den indarreko legerian betiere halakotzat aurreikusitakoak.

BIGARREN SAILA. ZIGORRAK

104. atala.
Arau-hauste arinek Zerbitzuaren ohartarazpena ekarriko dute berekin eta Harpidedunak, hala badagokio, bere egoera normalizatzeko betebeharra izango du, hurrengo hamabost eguneko epearen barruan, horrek sorrarazten dituen gastu guztiak bere kargura izanik.

105. atala.
109. atalean ezarritako zigorrez gain, arau-hauste larriak 500 metro kubiko ur arteko errekarguaren fakturazioarekin zigortuko dira, dagokion erabilerarako indarrean dagoen herri legeriak muga txikiagoa ezarri ezean, edo eta, beraren larritasunagatik zigor haundiagoa mereziko balu Legeri Sektorialaren arabera. Adierazitako zigorraz gain, bidezkoa den kasuetan, zerbitzugintza eten egingo da, Zerbitzuak instalazioa jatorrizko egoerara itzuli dela edota ez-betetzea geldiarazteko beharrezko neurri zuzentzaileak hartu direla egiaztatu arte; hori guztia, sortutako egoeraren erantzule zuzen gisa Harpidedunari egotz dakizkiokeen erantzukizunen kaltetan izan gabe.

Egindako arau-haustearen ondorioz gastuak sortzen badira eta Harpidedunak horiek likidatzen ez baditu, hornikuntza ez da inola ere berriro emango.

106. atala.
Arau-hauste arin bat berriro egiteak arau-hauste larria ekarriko du berekin.

107. atala.
Zergazko arau-hausteak, betiere, aplikatzekoa den legeriak ezarritakoaren arabera zigortuko dira.

108. atala.
Iruzurra instalazioetan egindako edozein manipulazioren ondoriozkoa denean, kontratatutako zerbitzugintza eten egingo da, instalazio horiek jatorrizko egoerara itzuli eta arau-hausleak sorrarazitako gastuak likidatu arte.

109. atala.
1.Iruzurrezko arau-hausteek, 108. atalean aurreikusitako zigorrez gain, egindako iruzurraren ondoriozko dagokion likidazioa ekarriko dute berekin.
2.Iruzurraren ezaugarriak direla eta, kontsumitutako uraren bolumena zehaztea ezinezkoa denean, aurreko azpiatalean adierazitako likidazioari ekiteko asmoz, bolumen hori dagokion aldian hartunetik igaro daitekeen gehieneko bolumentzat hartuko da, egunean hogeita lau orduko kontsumoa kontuan hartuta.
Iruzurra zein alditan egin den zehatz-mehatz finkatzea ezinezkoa denean, kasuak kasu bildutako aztarnen arabera, likidazioan ondoko denbora-eskala aplikatuko da:
- Aztarnen arabera, iruzur-egoerak iraun duen aldia gehienez ere hamabost egunekoa dela uste bada: Hamabost egun.
- Hilabete inguru iraun duela uste bada: Hogeita hamar egun.
- Hilabete eta hiru bitartean iraun duela uste bada: Laurogeita hamar egun.
- Hiru eta sei hilabete bitartean iraun duela uste bada: Ehun eta laurogei egun.
- Sei hilabete eta urtebete bitartean iraun duela uste bada: Hirurehun eta hirurogeita bost egun.
- Urtebetetik gora iraun duela uste bada: Zazpiehun eta hogeita hamar egun.

110. atala.
Arau-hauste larrien eta zergazkoen ondoriozko zigorrak dagokion erakundeak ezarriko ditu.

VII. ATALBURUA

ERREKLAMAZIOAK ETA ESKUMENA

111. atala.
Udalaren jardunen eta erabakien aurka egitea bidezkoa den kasuen kaltetan izan gabe, toki-administrazioari dagokionez indarrean dagoen legeriak ezarritako prozedurari jarraituz, zerbitzugintzaren baldintzei buruzko erreklamazioak, zalantzak eta interpelazioak, kasuak kasu, eskumena duen administrazio publikoaren organismoak ebatziko ditu administratiboki.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Ordenantza hau indarrean jartzen denetik, indargabetu egingo dira eta inolako baliorik eta eraginik gabe utziko dira ezarrita dauden eta haren aurkakoak diren lerrun bereko edo txikiagoko xedapen, araudi edo ordenantza guztiak, batez ere, 1.975 eko martxoaren 26an sorturiko Edateko uraren zerbitzurako araudia.

AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau berorren behin betiko onarpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Eta hau argitaratzen da denok jakinaren gainean egoteko, ohartaraziz bide administratiboari amaiera ematen zaiola eta Ordenantza horren kontra Administrazioarekiko Auzi-Errekurtsoa tarteratu daitekeela bi hilabetetako epean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekiko Auzitarako Epaitegi Gorenean, Administrazioarekiko auziak arautzen dituen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. Eta 46. Artikuluetan ezarritakoaren arabera, hori dena bat datorrelarik Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea aldatu zuen 4/1999 Legearen 109 c)artikuluarekin.
Nolanahi ere, nahi izanez gero, aurreko parrafoan adierazitako Administrazioarekiko Auzi-Errekurtsoaren aurretik Birjarpenezko Errekurtsoa aurkez daiteke ebazpena eman duen organoaren aurrean hilabeteko epe barruan, iragarkia hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetikkontatzen hasita.
Hori dena aipatutako urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen 116. eta 117. eta horiekin bat datozen gainontzeko artikuluetan ezarritakoari jarraituz, eta zure eskubideak babesteko egoki diren egintza edo errekurtsoak aurkezteari kalterik egin gabe.

Ikaztegieta, 2001eko maiatzaren 14a.- Patxi Ulanga Mujika, Alkatea.



www.dmacroweb.com - Creación de sitios web, portales, CMS, B2B, B2C, aplicaciones extranet / intranet
Copyright © 2010 Dynamic Macroweb & Design S.L. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz